Finantza-aktibo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Finantza aktibo» orritik birbideratua)

Finantza aktiboak dirua, bankuetako kontuak, bonuak, akzioak, maileguak, obligazioak eta antzeko aktibo ukiezinak dira, oro har bi aldeen artean adostutako kontratu batez gauzatzen direnak. Kontratu horren arabera, finantza aktiboetan erosleak edo inbertitzaileak, finantza aktiboa duenak alegia, aktiboaren jaulkitzaileak onartutako ordainketak jasotzen ditu etorkizunean, jaulkitzaileak une batean jasotako ditu kopuru baten trukean oro har. Diru kopuru horri esker, jaulkitzailea finantzatu egiten da. Finantza aktibo baten ezaugarri nagusiak likidezia, likidezia-arrisku eta errentagarritasuna dira.

Finantza aktiboen bidez gordailuak aurreztaileengandik inbertitzaileengana bideratzen dira. Finantza aktibo hauek inbertitzaileek jaulkitzen dituzte eta aurreztaileek eskuratu. Horren ondorioz inbertitzaileek ordainketa batzuk egingo dizkie aurreztaileei etorkizunean. Horrela aktibo hauek aberastasun bat sortuko diete beren edukitzaileei eta pasibo bat bere jaulkitzaileei. Aktibo eta pasibo finantzarioak txanpon beraren bi aurpegiak direnez ez dute nazio bateko aberastasun erreala handiagotzen laguntzen, ekonomia itxi batean behintzat, baina finantza baliabideen transmisioa errazten dute. Adibidez, ibilgetu erreal bat, demagun etxebizitza bat, eskuratzea zaila izango da ez baldin badago aktibo finantzario baten laguntza, hau da, mailegu hipotekario bat.

Aurreztaile eta inbertitzaileen arteko gordailu transakzioak ahalbidetzeaz gain aktibo finantzarioek beste funtzio bat dute: arriskuaren transferentzia ahalbidetzea agente ekonomikoen artean. Aktibo finantzarioen eskuratzaileek etorkizunean jasoko dituzten sarrerak aktibo hauen jaulkitzaileen jardueraren bilakaeraren menpe egongo dira. Beraz, aktibo finantzarioak eskuratzeak bere jaulkitzailearen arriskuaren zati bat onartzea dakar. Transferitzen den arrisku maila aktibo finantzarioen ezaugarriekin lotua dago. Aktibo finantzarioen ezaugarrietako bat da arriskua, besteak errentabilitatea eta likidezia izango dira.

Aktibo finantzario baten likidezia honela definitzen da: balio galerarik jasan gabe diru likidoan bihurtzeko duen erraztasuna. Aktibo finantzario baten errentabilitatea honela definitzen da: aktibo finantzario batek bere jabeei errendimenduak sortzeko duen gaitasuna gordailuak utzi eta arriskua jasatearen ordainetan. Errendimendu hauek forma ezberdinak dauzkate, horrela, errenta finkoko aktiboez hitz egiten ari garenean kupoiak izango dira eta errenta aldakorreko aktiboetan dibidenduak; errendimendu hauek modu zuzenean lortzen dira. Aldiz, zeharkako moduan errendimendu hauek eskurapena zergatzen duen sistema zergatzailearen bidez lortuko ditugu.

Arriskua, likidezia eta errentabilitatea elkarren artean oso erlazionaturik daude. Orokorrean, zenbat eta likidezi gutxiago eta arrisku handiagoa izan, orduan eta errentabilitate altuagoa izango dugu, hau da, errentabilitatea likideziari uko egin eta arriskua asumitzeagatik sari bat izango da. Hala ere, gerta daiteke finantza aktibo baten errentabilitatea ez izatea bere arrisku eta likidezi mailei dagokiena.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]